Lan-munduan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunaldiak

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erradikala, errotikoa, Eusko Jaurlaritzaren erronka estrategiko eta zeharkakoa da. Baina gizarte osoak bere gain hartu behar duen erronka demokratikoa da. Generoan oinarritutako desberdintasun-adierazpen asko daudelako, eta adierazpen krudelena indarkeria psikikoa eta fisikoa delako. Baina adierazpen horien oinarrian, askotan, emakumeek bizitza osoa eta librea izatea oztopatzen duen mendekotasun ekonomikoa dago.

Soldata-arrakala, gizonek eta emakumeek lan-eremuan kobratzen dutenaren batez bestekoaren aldea, desberdintasun horren adierazleetako bat da. Soldata-diskriminazioa, emakume izateagatik gutxiago ordaintzea, debekatuta dagoen arren, gizarteko inguruabarrek, gure lan-merkatuaren funtzionamendu-ohiturek, enpresetako praktikek, hitzarmen kolektiboek edota emakumeek beren lanaldiari edo lanbide-sustapenari uko egiteko gizarte-ohiturek zuzeneko eragina dute emakumeen eta gizonen artean dagoen aldean, eta desberdintasun horiek mugatu egin behar ditugu.

Lan-munduan emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko hausnarketa partekatua bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jardunaldi hauek antolatu ditu. Bi saiotan zehar, gaian adituak diren pertsonek hainbat gairi buruz jardungo dute: negoziazio kolektiboan berdintasunak duen trataerari buruz eztabaidatuko dute, berdintasun-planen balantzea egingo dute indarrean sartu eta urtebetera, ordainsari-auditoretzan eta soldata-gardentasunean sakonduko dute, eta Lan Ikuskaritzak berdintasun desiratu hori lortzeko abian jarritako kanpainak ezagutuko dituzte.

Lan-eragile guztiok, gobernuez gain, funtsezko zeregina dugu soldata-berdintasuna bermatzeko, eta honako hau aukera ona da eztabaidatzeko eta aztertzeko.
 
Idoia Mendia, lehendakariordea eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburua

vicelehendakari