Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak honako hau ezartzen du 36. artikuluan: "Euskal herri-administrazioek, beren eskumen-eremuan, emakumeen eta gizonen aukera- eta tratu-berdintasuna erreala eta benetakoa izateko behar diren baldintzak sustatu behar dituzte, hala norbere konturako zein inoren konturako lana lortzean, nola lan-, prestakuntza-, sustapen-, ordainketa- eta kontratuen amaiera-baldintzetan”.

Gainera, 42. artikuluan ondorengoa ezartzen du: “Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere langileekin hitzarmen kolektiboak negoziatzeko orduan, enplegu publikoaren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurriak planteatu behar ditu. Era berean, elkarrizketa sustatu behar du lan munduko ordezkarien artean, eremu pribatuko hitzarmen kolektiboen negoziazioan era honetako neurriak ere sar daitezen, batik bat ordainsari-bereizkeria desagerraraztera zuzendutakoak”.

Azken hamarkadetan aurrerapen nabarmena izan den arren, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek indarrean jarraitzen dute gure gizartean. 2019an, EAEko langile bakoitzeko urteko batez besteko irabaziaren araberako soldata-arrakala % 19,5ekoa da (INEren datuak. Soldata Egituraren Inkesta 2019), eta 2016an % 24,4 ingurukoa zen, hau da, ehuneko 5 puntuko murrizketa. Zehazki, emakumeek 26.197,62 €jasotzen dituzte batez beste urtean, eta gizonek 32.529,17 €. 2016an, EAEn, lanordu arrunt bakoitzeko soldata-arrakala % 14,3koa izan zen, eta, 2019ko datuen arabera, gaur egun % 9,5 ingurukoa da; horrek esan nahi du 4,8 puntu murriztu dela. Emakumeen orduko prezioa 18,46 €ingurukoa da, eta gizonena 20,4 €-koa.

Orduko irabazia aztertuz gero, Europako Batasunak egiten duen bezala, soldata-aldea 2009ko %17,6tik 2016ko %14,3ra jaitsi da.

Nolanahi ere, urteko batez besteko irabazi gisa zein orduko irabazi gisa neurtu, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakala arazo konplexua da, egiturazkoa, hainbat arrazoirengatik sortua, eta, beraz, era guztietako neurriak aplikatu behar dira, esku hartzen duten faktoreei dimentsio anitzetatik heltzeko eta inplikatutako eragile guztien eta gizarte osoaren inplikazioa eta konpromisoa eskatzen du. 

Bestalde, negoziazio kolektiboa da soldata-arrakalaren murrizketan eta sexuagatiko beste diskriminazio batzuetan eragin handiena duten genero-ikuspegiko neurriak ezartzeko aukera ematen duen esparrua. Neurri horiek ordainsari-sistema gardenak ezartzean, lanpostuak eta lanbide-kategoriak sailkatzean, lanpostuak baloratzean eta abarretan oinarritzen dira, bai eta ordainsari-berdintasuna sustatzeko neurriak jasotzen dituzten berdintasun-planak ezartzean ere.

Bestalde, hitzarmen kolektiboak, lan-merkatua arautzeko iturri gisa, ezinbesteko tresna dira neurri eraginkorrak eta egokiak hartzeko emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko, arlo horretan indarrean dagoen araudia garatzeko eta, beraz, soldata-arrakala murrizteko.

XII. Legegintzaldirako Gobernu Programan Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra bultzatzeko konpromisoa hartu du. Horren barruan, garrantzi berezia du lan-arloko desberdintasunak, gure gizartean genero-desberdintasuna errepikatzen eta betikotzen duen faktoreetako bat baita, eta, beraz, gure erantzukizuna baita hura ezabatzen laguntzea.  

Gizon eta emakumeen soldatak, eskubideak eta kontziliazioa modu eraginkorrean parekatzeko egin beharreko bidea luzea da oraindik. Baina ispilu aurrean kohesionatutako eta berdintasunezko gizarte gisa agertu nahi duen gizarte batek urratsak egiten jarraitu behar du, diskriminaziorako aukera ematen duten espazio guztiak mugatzeko eta haiei amaiera emateko, emakumeak balio txikiagoko, soldata txikiagoko eta segurtasun gutxiagoko enpleguak lortzera bideratzen baititu.

Horregatik, gizartea soldata-arrakalaren aurka sentsibilizatzeaz gain, Lan eta Enplegu Sailetik hasiak gara sektore maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko plan berriak abian jartzen, enpresetako zuzendaritza-organoetan parte har dezaten sustatzen, hitzarmenak genero-ikuspegitik berrikusten eta berdintasun-planak betetzen diren aztertzeko ikuskapena zabaltzen.

Bide horretan kokatzen dira prestakuntza- eta dibulgazio-jardunaldi hauek, tresna erabilgarria izan nahi dutenak, beste tresna batzuekin batera, euskal herritar guztiek lortu nahi duten helburua lortzen laguntzeko.